Bihar, martxoaren 3an, Blanca Urgellek paraturiko Axularren Gero liburuaren edizio kritikoa aurkeztuko dute Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak, eguerdiko 12:00etan, Gobernuaren egoitzan.
Liburua bi erakundeon artean sustatutako “Mendaur” bildumaren 6. zenbakia da. Aurkezpena José Iribas Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Blanca Urgell egileak egingo dute.
Axularren Gero (1643) liburuak, 1976an Luis Villasantek azkenekoz argitaratu zuenetik, ez du jaso merezi duen arreta kritikoa.
Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak sustatu duten edizio berri honetan, Blanca Urgell filologoak (UPV/EHU) goitik behera berrikusitako testu bat aurkezten du, aurreko edizio guztiak zipriztintzen dituzten akatsetatik garbitua. Honetarako, testua osoki erkatu da hitzez hitz 1643ko princeps edizioaren ale on batekin, eta pasarte ilun edo zalantzazkoetan baita beste bi alerekin eta bi edizio esanguratsurekin ere: Manuel Lekuona (1954) eta Villasanterenarekin (1976).
Ekitaldi berean, liburua aurkeztu baino lehen, sinatuko da Nafarroako Gobernuaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza-hitzarmena.